Lagun eta burkide maiteok:
“Templando El Acero” argitaletxeak marxismoaren klasikoak euskaraz argitaratuko duela jakinarazten dizue. Marxismo-leninismoaren klasikoak euskaraz ateratzearen erabaki hau, marxismo-leninismoak duen gaurkotasuna aldarrikatzeko eta leninismoa berriz oholtza-gainera igotzeko hartu dugu. Izan ere, hala, euskaraz literatura iraultzaile klasikoan dagoen gabezia hau konpondu nahi dugu, gure herriarekiko eta gure hizkuntzarekiko konpromezua hartu nahi dugu eta batez ere herriaren hizkuntzan osorik hezitako eta euskaraz bizi diren belaunaldi berriekin bat egin nahi dugu, euskaraz ari den eta militatzen duen belaunaldi gazte horrengan marxismoa hedatzeko tresnarik onena literatura marxista euskalduntzea dela uste dugulako.
Marxismo-leninismoaren klasiko hauetako lehena, Stalinen “Leninismoaren oinarriak” liburua dugu. Stalinen lana, 1924an idatzitakoa, Leninen pentsamoldea laburbiltzen eta sintetizatzen duen maisulana da. Stalinek, lan honetan, Leninen pentsamoldearen puntu nagusiak laburbiltzen eta komentatzen ditu. Zientzialari baten zehaztasunaz (azken finean marxismoa zientzia, proletalgoaren zientzia baita), eta analisirako materialismo historikoaren zorroztarria hartuz, Stalinek Marxen pentsamoldea Leninek itxuraldaketetatik nola askatu eta baldintza berrietara zuzen (eta ez faltsuki edota aizunduz) moldatu zuen azaltzen digu; Leninek marxismoaren ikusmoldeari eta oinarriari egin zizkion ekarpenak azalduz eta ustezko “marxista ortodoxoen” (finean baldintza iraultzaile berriak ezagutzen ez zituztelako eta euren ondorioei beldurrez ezagutu nahi ez zituztelako Marxen irakurketa “zuzenaren”, hots, hertsiaren atzean gordetzen ziren horien) itxuraldaketa eta aizuntzeak salatuz.
Josif Stalin marxismo-leninismoaren historian izan den pertsonaiarik polemikoa da. Leninen jarraitzaile sutsua, Leninen pentsamoldea ulertu eta ulertarazi egin zuena, askotan marxismoaren etsairik okerrenentzat hartua izan da, marxismoa behin betiko hondatu izango zukeena bera izango bailitzan. SESBeko zuzendaria hainbat eta hainbat urtetan izan zena, marxismoa hainbat herrietan zabaldu zuena, mundu osoko hamaikatxo milaka langileen itxaropenak irudikatzen zituen gizona, SESB nekazal herrialde azpigaratu izatetik herrialde garatu izatera eraman zuena; orain gizateriaren gaitz guztien irudikapen gisa aurkezten digute. Alemania nazia garaitu zuen gizona haren anai gisa aurkezten digute. Hor dugu gizona, hor dugu ikurra (izan zena, eraiki zutena, eraiki zigutena, eraikitzen jarraitzen digutena). Ia-ia, marxismoaren metafora bera dela ere esan genezake, tesi-antitesi prozesua inork baino hobeto ordezkatzen du Stalinen figurak. Eta baita ere marxismoaren ardatz den klase borroka, klase sozial batentzat heroi izan zena, klase horrek eta bere ikusmoldeak Guda (ideologiko) Hotza galtzean deabru bezala aurkeztu digute. Klase borroka gorri-gorrian; gatazkan dauden bi aldeek modu ezberdinean ikusten dute gauza bakoitza. Bada garaia guk, gure klase sozialak, Stalinen auziaren inguruan ere gure ikusmoldea izan dezagun eta gure ikusmoldearen hegemoniarengatik borroka dezagun, etsaiaren ikusmoldea onartu gabe.
Kontziente gara egin dugun apustua ez dela erraza. Izan ere, bai euskararen (betidanik) zein marxismo-leninismoaren (1991tik batez ere) egoera dela eta, bai euskarazko liburuen zein liburu marxisten irakurlegoa nahiko murritza da. Zer esanik ez bi faktoreak bilbatzerakoan. Baina hala ere proiektu hau ilusioz hasi dugu eta Euskal Herri iraultzaile honetako militanteek, ezkertiarrek eta abertzaleek hau estimatuko dutenaz ziur gaude. Ziur gaude “Leninismoaren oinarriak” ez dela “Templando El Acero “ argitaletxeak euskaraz aterako duen liburu bakarra.
No hay comentarios:
Publicar un comentario