Bigarrenik, Katyngo sarraskiaren ingurumariak ditugu. Behin sarraski hori sobietarrek egin dutela “frogatuta”, hurrengo pausua ematen dute, hau da, Katyngo sarraskia II Mundu Gudan Europako Ekialdean emandako sarraskirik okerrena izan zela esatea, hori sobietarren “gaiztakeria” frogatzeko bide delarik. Baliagarriak zitzaizkigun baina guda bukatuta basati komunista horiek zein kriminalak ziren argi utzi behar da (gainera ez zuten “Europa askatzeko” borrokatzen, “totalitarismoa inposatzeko” baizik). Helburu horrekin errepikatzen dute behin eta berriz Katyngo sarraskia eta “sobietar egiletza”, horrela ateratzen dituzte hainbat eta hainbat artikulu, liburu, telebistako erreportai, publizitate eta gure autobus geltokietan hainbestetan iragarrita ikusi dugun Andrzej Wajdaren filma. Eta hori baliatzen dute Sobietar Batasunari edota errusiar herriari betirako zigor morala ezartzeko, Errusia errudun da eta kitto, eta barkamena eskatzen badu sekula ez da nahikoa izango (ikus El País egunkariko 2009-IX-2eko gaiari buruzko artikuluak, 2-3 orr., eta hor aurkituko ikusiko duzue Mendebaldeko ohizko arrazakeria errusofoboaren adierazpen arrunt bat). Katyn bezalakorik ez dago. Ez dago? Egia izan, Katyngo sarraskia, egin zuenak egina, ez da Ekialdeko fronteko halako gertakizun bakarra. Poloniarrak biktima izan ziren beste sarraski bat badago, Katynetik ez oso urruti; Galitzia eta Volinia deitutako lurraldeetan (II Mundu Guda aurretiko mugen arabera, Poloniaren mugen barruan zeuden lurraldeok), nazien aldeko milizia kolaborazionista eta antisobietar batek, Ukrainiar Armada Matxinatuak (UPA) hain zuzen ere, “ukraniar lurraldea garbitzekotan”, poloniar etniako 100.000 zibiletik gora hil zituenekoa. Hauentzat ez dago ez ekitaldi gorenik, ez oroitzapenik, ez pelikularik. Are gehiago, II Mundu Gudaren azken urteetan eta ondorengo urteetan UPAk Mendebaldearen laguntza izan zuen, lehenik Berlinerako bidean Armada Gorriaren aurrerakada moteltzeko eta gero Sobietar Estatuari min egiteko. Eta are gehiago, 2010.eko Urtarrilean Ukrainiako lehendakari “demokrata” eta “europarzale” Viktor Justxenkok UPAren buru Stepan Bandera “Ukrainiako Heroi” izendatu zuenean, ez zen protestarik entzun Mendebaldearen aldetik. Nola entzungo ziren bada, Justxenko Mendebaldar inperialismoaren interesek George Sorosek finantzatutako Estatu-kolpe bidez Ukrainian jarritako txorimaloa (“demokrata”, hori bai) izan bazen? Faxismoa goratzen zuela? Berdin ziok, Errusiaren aurka dago ta! Ukraina Errusiatik aldentzea, antierrusiarkeria puzteak eta Ukraina NATOn eta “Mendebaldar munduan” txertatzeko ahaleginek, betiereko barkamena ekarri diote Justxenko profaxistari, mezua argi utziz: Errusiaren aurka baldin bazaude, goratua izango zara, eta zure krimenak ahantziak izango dira. Justxenkok goratutako ukrainar kolaboratzaile horiek, alemaniarrekin batera, Babi Yar deitutako tokian, Kieveko kanpoaldean, arratsalde batean (1941.eko Irailak 29an) 35.000 judutar hil zituzten, baina hori ere ez da ezaguna. Zer esango lukete Mendebaldeko agintari prestuek, Katyngoa sobietarrei leporatzen diotenek, Errusiak Katyngo tiroketak ustez agindu zituen NKVDko burua Heroi izendatuko balu?
Antzeko gauza bat gertatzen da poloniar antikomunistekin. Hitlerdarrek 1939.eko Irailean Polonia inbaditzerakoan, poloniar antikomunistek aukera hori profitatu egin zuten, eta poloniar landaguneetan hainbat eta hainbat judutar erail zituzten. Halako kasu bat aipatzearren, Jedwabne herrikoa dugu, non herriko 1.600 biztanle judutarrak, denak, poloniar katolikoengatik hilak izan ziren. Jedwabneko judutarrentzat ez dago dokumentalik ez ekitaldi arranditsurik. Hala ere Jedwabne ez da kasu bakarra. Okupazioan zehar, Erbesteko Gobernuari leial zitzaion erresistentzia talde ez-komunistak (edo antikomunistak) Armia Krajowa izenekoak (Lurraldearen Armada), judutarren, gudari komunisten eta gutxiengo etnikoen aurka eginiko hilketak ere ez dira aipatzen, noski hauek “antisobietarrak eta demokratak” ziren eta. Ezta ere Hitlerrek SESBen aurka planteatutako “esklabu-herriaren esterminio gudaren” eraginez hildako 20 milioitik gorako sobietarrentzat, Holokausto ahantziarentzat. Eta ez dago ezta ere Kroaziako Estatu “Independenteak” (nazien kolaboratzaile zen erregimenak) hildako 700.000 inguru serbiarrentzat, beste Holokausto ahantzi batentzat (serbiarrak ere deabruaren morroiak omen direlako). Eta ezta ere Polonia nazien atzaparretatik askatzeko bizia utzi zuten sobietar soldaduentzat. Eta are gutxiago 1919-1921.eko Guda Poloniar-Sobietarrean, Poloniak preso egindako eta Tuchola kontzentrazio eremuan hildako 60.000-70.000 soldadu sobietarrentzat. Tuchola? Inork ez al du ezagutzen? Egia esan ez da oso aipatua. Eta ez da esaten errusiar-poloniar harremanetan, “gainditu beharreko zanga handia” denik. Tuchola iraganean nonbaiten galdutako pasadizuetako bat da, baina Katyn ez, Katyn herenegun gertatu izan balitz bezala. Horrek frogatzen du Katyn komunismoaren eta SESBen aurkako arma ideologiko bezala erabilia izan dela, eta gaur egun Errusiaren aurkako arma (ideologiarik jada ez dago) bezala erabiltzen dela. Argi geratzen da hilketak eta sarraskiak egiletzaren edo ustezko egiletzaren arabera direla gomutatuak eta behin eta berriz aipatuak, interes politikorako tresna nabarmen gisa.
Azkenik, hirugarren zatiarekin goaz, Polonia herrialde baketsu eta SESB herensugeak otordu totalitario batetan inbaditutako herria bezala ikusten duen mitoarekin. 1939.eko Sobietar-Germaniar Itunak mito hau baieztatuko luke. Hirugarren mito hau denetan garrantzitsuena eta beraz gezurtatzeko premia larriena honetxek sortzen digu; mito honetan laburbiltzen bait da Mendebaldeko “herrialde demokratikoen” guda arteko politikaren justifikazioa eta baita II Mundu Gudaren hasieraren gainean egiten den propaganda; Sobietar Batasuna “potentzia oldarkor” eta guda hasterakoan Alemaniaren gaizkide bezala, Polonia herrialde demokratiko baketsu eta biktima bezala eta Mendebaldea erasotako herri bat laguntzeko eta faxismoaren aurka hasieratik borrokatzeko prest aurkeztean datzan mitoa.
Egia esan, Polonia, Estatu arras gerrazalea eta espantsionista izan zen, 1918.ean bere independentzia lortu berehala egindakoek erakusten diguten bezala. Sortu berri zela, bere Ekialdeko mugak, Pariseko Bake Konferentziaren arabera Curzon lerroan jarritakoak (gutxi-gora-behera, gaur eguneko muga markatzen dutenak), behin eta berriz apurtu zituen. Poloniaren eta orduko lehendakari Pilsudski mariskalaren helburuak bi ziren: alde batetik poloniar estatuaren mugak ahalik eta gehien zabaltzea (“Polonia Handia” eraikitzea), eta bestetik inguruko nazioetan (Ukrainan, Bielorrusian, Baltiar Herrietan…) menpeko Gobernu-txorimaloak ezartzea Polonia Handiak zuzendutako Federazio batetan sar zitezen (Miedzymorze proiektua, hots, “Itsaso Artean”, Baltiar Itsasotik Itsaso Beltzeraino). Finean, Poloniak XVI. mendean izandako handitasuna berreskuratu nahi zuen, eta horrela zenbait guda abiarazi zituen. Adibidez, 1918.ean Lviv hirian ukrainarrek egindako autodeterminazio saiakera bat indarrez zapaldu zuen, hiri hori bereganatuz. 1920.ean Lituaniari guda deklaratu zion, eta Vilnius konkistatu zuen (Polonia izan zen 1939.erarte). Txekoslovakiaren aurka ere gatazka armatua piztu zuen, mugak zirela eta. Halere, Pilsudskiren Poloniaren etsai nagusia Errusiar Iraultza zen, bai ideologikoki, Sobietar Estatu sozialista kapitalismoaren etsaia zelako, eta bai nazionalki, Poloniak Errepublika Sobietar ezberdinen arteko anaitasuna hautsi nahi bait zuen, hala hauetako lurralde batzuk Miedzymorze federazioan sartzeko. 1919.ean, Errusiar Iraultza jaioberria guda zibil gogorrean murgildurik zebilenean, Petliura ukraniar sasi-abertzalearekin aliaturik (eta frantses inperialismoak babesturik eta xaxaturik), ustekabean Sobietar Errusiar Errepublikaren eta Sobietar Ukraniar Errepublikaren aurkako guda deklaratu zuen Poloniak, Ukraina (orduan gorriek kontrolatua) azpiratzeko helburuarekin (Kieveraino heldu ziren, Ukrainaren hiriburua mantendu ezin izan bazuten ere). Zenbait eraso eta kontraeraso ostean, 1921.ean Rigako Bakea sinatzen da Guda Poloniar-Sobietarra bukatuz. Honela, Poloniak bere asmo inperialistak sarituak izatea lortu zuen, Curzon lerroa Ekialderantz zeharkatuz eta Mendebaldeko Bielorrusia eta Mendebaldeko Ukraina konkistatuz, hau da, gehiengo etniko ez-poloniardun lurrak. Hauek, 1939.ean Sobietar Batasunak berreskuratu zituen lurrak izan ziren, lur bielorrusiar eta ukraniarrak, ez poloniarrak. Bestalde, Poloniak sekula ez du argitu guda horretan preso hartu zituen eta gerora ez askatu ez deportatu ez zituen Armada Gorriko 80.000 gudariekin. Gehienak Tucholako kontzentrazio eremuan sartuak izan ziren, guztira 60.000tik gora hil zirela estimatzen da. Zein ezberdina kasu honi eta Katynekoari jartzen zaion arreta!
No hay comentarios:
Publicar un comentario