Beraz, 1918.ean Estatu poloniarra berrezarri zenetik 1921.erarte, Poloniak herri mugakideen aurka lau guda abiarazi zituen, poloniarrak gutxiengo ziren lurraldeak konkistatuz, halere ez zuen Bielorrusia sobietarra eta Ukraina sobietarra guztiz azpiratzerik lortu, beraz bere asmoak bete gabe geratu ziren. 20. eta 30. hamarkadetan asmo inperialistak betetzeko taktikaz aldatu zuen: SESB gudaz desegitea ezinezkoa zenez gero, zeharka bete nahi izan zuen Poloniak bere egitasmo zaharra. Orain zerbitzu sekretuen eta diplomaziaren bidea erabiliko zuen SESB apurtzeko. Hamarkada horietan, poloniar kanpo politikarako doktrina, prometeismoa izango zen, hau da, SESBen nazioen txikien artean nazionalismo antisozialista moduko bat piztea, Sobietar Batasuna desegiteko eta nazio hauek Poloniarengana hurbiltzeko. Aitzitik, politika hori propaganda hutsa zen, Poloniak bere gutxiengoekiko zuen tratuarekin alderatzen badugu argi geratzen da hori, batik bat propaganda prometeistaren jomuga ziren SESBen gutxiengoak eta Poloniak bere etxean zanpatutakoak nazio berdinaren kide zirelarik. Poloniak sekula ez zuen bete bere gutxiengoei agindutako autonomia hitza. Lituaniarrek, bielorrusiarrek eta ukraniarrek zapalkuntza mota anitzi aurre egin behar zioten; arlo ekonomiko-administratiboan (bertako baserritarrei lurrak kentzea jatorri militarreko poloniar kolono-lurjabeei, osadnikei, emateko; tokiko errealitatea ezagutzen ez duten funtzionario poloniarren izendapena bertakoei bidea itxiz; ikasteko edo zenbait lanbidetarako mugak), zein politikoan (hauteskundeetara aurkezteko trabak, ikur nazionalak erakusteko zailtasunak edo debekuak, atxiloketa politikoak, errepresioa…), zein nazional-kulturalean (ukraniera eta bielorrusiera alfabeto arrunt zirilikoz ordez alfabeto latindarrez idaztera behartzea moduko asimilazio modu “bigunaren” eta berezko hizkuntzaren erabilera administrazioan debekatzea, berezko hizkuntzetan irakasten zuten eskolen itxiera, maisuen atxiloketa, herri-izaeraren ukazioa herriok ofizialki “tuteiszy” (bertakoak) edo bielorrusiarren kasuan “biatopolaki” (poloniar zuriak) bezala izendatuz… moduko asimilazio “gogorraren” artean balantzaka zebilena). Poloniak “demokrazia” formak ere ez zituen gorde, 1926.ean Pilsudskik Estatu-kolpea jo zuenetik, faxismoaren traza handiak zituen Estatu guztiz autoritarioa bait zen. Eta hala jokatzen zuen, adibidez 1930.ean Mendebaldeko Ukrainan eramandako “bake-ezartze” basatiarekin edo 1934.ean aurkari politikoentzako Bereza Kartuska kontzentrazio esparrua irekiz. Halakoak pairatuta, ez da batere harrigarria 1939.ean SESBk berreskuratutako lurretako populazio judutarrak, bielorrusiarrak eta ukraniarrak bandera gorria eskuan Armada Gorriari ongietorria egitea.
Hala ere, zilegi egiten al du guzti honek SESBk Alemaniarekin eskualde hauen hartzea adostea? Hemen dago koxka, hemen oinarritzen bait dira Alemaniarekiko ustezko gaizkidetzari buruzko salaketak. Ezer esan aurretik hiru gauza argitzeko beharra dugu: lehenik, Elkar Ez Erasotzeko Itun Germaniar-Sobietarra horixe izan zen, elkar ez erasotzeko itun bat, ez elkar beste herri bat inbaditzeko itun bat. Itun horretan ez dago klausularik Poloniaren aurkako inbasiorik zehazten duenik. Bai ordea “eragin zonaldeak” (Curzon lerroak mugatutakoak) zehazten duenik. Etikaren aurkakoa izango da ala ez, eztabaidagarria da, baina ez da adostutako inbasio bat. Bigarrenik, eskualde horiek ez zirela poloniarrak, bielorrusiarrak eta ukraniarrak baizik. Orduantxe Poloniaren menpe bazeuden, Poloniak 1919-1921 artean, SESBen aurkako agresio-guda batean konkistatu zituelako izan zen. SESBk lur horiek berreskuratu egin zituen, ez zion berea ez zen ezer inori “kendu”. Hirugarrenik, SESB europar Estatuen artean Alemania naziarekin ezer adostu zuen azken Estatua izan zela, eta hori guztiz isolaturik beste irtenbiderik ez zuenean egin zuela. Itun hori sinatzeko premia Estatu kapitalistek sortu zioten, azken hauen estrategia diplomatikoa Hitlerren aurka gudarik ez egitea eta hau Ekialderantz bultzatzea bait zen, SESBen aurka guda egin zezan xaxatuz. Europar Estatu guztiek sinatu zituzten Hitlerrekin Elkar Ez Erasotzeko Itunak edota salerosketa itunak, Poloniak berak ere bai, 1934.ean Adiskidetasun Itun bat sinatu zuen Alemaniarekin. SESB izan zen herrialdeen arteko Hitlerren aurkako fronte bezala “segurtasun kolektiboaren sistema” eraikitzen gehien saiatu zen potentzia, Frantziak eta Ingalaterrak Alemania eta SESBen arteko guda probokatu nahi zuten bitartean. “Baretze politika” deitutakoa jarraituz, Hitlerren aurkako guda edozela saihesten saiatu ziren, honi emakidak ematera ere iritsi ziren, Hitlerren guda-asmoak SESBen aurka bideratzean zetzaten itxaropena elikatuz. Logika hori jarraituz, Frantziak eta Ingalaterrak 1938.ean faxistekin Municheko Ituna sinatu zuten, Alemaniari Sudetenland deitutako eskualdeen anexiorako bidea zabalduz. Sobietar Batasunak soilik (Txekoslovakiarekin aliantza itun bat zuenak) protestatu zuen itun horren aurka, Txekoslovakiari laguntza militarra eskaintzera iritsi zen. Frantziak ordea, aliantza itun berdina zuelarik, bestelako jarrera erakutsi zuen; Txekoslovakia traizionatu egin bait zuen. Poloniak ere “jaialdian” parte hartu zuen, Hitlerrek jarritako amua irentsiz Zaolzie eskualdea anexionatu bait zuen (beraz, zeharka SESB eraso zuen). Eta urte berdinean, Poloniak Alemaniaren laguntzaz Lituaniari bere politika aldarazteko ultimatum bat aurkeztu zion, aldi berean Alemaniari Klaipeda hiria bereganatzeko Lituaniaren aurka presioa egiten lagunduz. Lituaniak 1920.etik SESBekin Egonkortasun Ituna sinatua izateak ez dirudi poloniarrei zein alemaniarrei gehiegi axola izan zitzaienik. Eta azkenik, Poloniako Kanpo Arazoetarako ministro Jozef Beck hainbatetan goi-mailako diplomatiko naziekin elkartu zela kontutan izan behar dugu; elkarrizketa horietan SESB desegiteko asmo zaharra aurrera eramateko moduei buruz aritzen ziren. Beraz, 1939.erako, barne politikan autoritario eta kanpo politikan erasokor aurkitzen dugu Polonia, jada SESBen aurkako zuzeneko edo zeharkako zenbait eraso egindako Estatu bat, Alemaniarekin hainbatetan elkarlanean batere lotsarik gabe aritutako Estatu bat, nazien hurrengo jomuga izango zenaz oharkabeturik. Eta beste aldetik SESB guztiz isolaturik aurkitzen dugu, gudaren mehatxua gero eta handiagoa zelarik.
Halere, oraindik pentsa liteke Poloniaren jarrerak ez diola SESBi 1939.ean Alemaniarekin elkar egindako inbasio batetan lur horiek berreskuratzeko zilegitasunik ematen; edota Frantziaren eta Ingalaterraren jarrera, Alemaniari guda deklaratzearena, askoz ere ohoragarriagoa eta eredugarria izan zela. Hemen argi utzi behar dugu ez zela halako “elkar egindako inbasiorik” egon, eta garai horretan hala ulertu zen. Alemania naziak 1939.eko Irailaren 1ean Poloniari guda deklaratzen dio. Honen segidan Frantziak eta Ingalaterrak Irailaren 3an Alemaniaren aurka guda deklaratzen dute. Polonia bi asteren buruan garaitua izango da, eta Irailaren 15aren eta 16aren artean bere Gobernuak Errumaniara ihes egiten du, honenbestez Estatu poloniarrak izateari utzi egiten dio (Errumaniak, herri neutral gisa, ez zuen eta ezin zuen poloniar Gobernua bere lurraldean “erbesteko Gobernu” bezala onartu). Eta azkenik SESBk 1921.ean galdutako lurrak jada Estatu poloniarrik ez zegoenean, Irailaren 17an, berreskuratzen ditu. Beraz, ezin daiteke esan “SESBk Polonia Alemaniarekin batera” inbaditu zuenik; SESBk bereak ziren lurrak, eta jada Estatu poloniarrik ez zegoenean berreskuratu zituenez eta erabaki hori alemaniar inbasioa hasi eta bi astera hartu zuelako. SESBk Mendebaldeko Bielorrusia eta Mendebaldeko Ukraina berreskuratzeak, etortzear zegoen guda izugarrirako premiazkoa zen denbora eta lurra (bi urte eta 150-200 km) irabaztea ahalbideratu zion, gerora, batere zalantzarik gabe erabakigarriak izango zirenak. Bestalde, Alemaniaren inbasioari erantzuteko Irailaren 3an guda deklaratu zioten Frantziak eta Ingalaterrak, Irailaren 17aren geroztik ez zutela SESBen aurkako inongo gudarik deklaratu; eta are gehiago, erbesteratutako buruzagi poloniarrek ez zutela SESBen aurka borrokatzeko inolako deialdirik ez guda deklaraziorik egin. Nazioen Ligak ez zuen SESBen aurkako inolako zigorrik ezarri, bai ordea Alemaniaren aurka, edo alderatzearren, 1939 bukaeran SESB kanporatu egin zuen Finlandia pronaziarekin izandako guda zela eta. Estatu batek ere ez zuen SESB “herri beligerante” bezala hartu, beraz inork ez zuen 1939.ean lur horiek berreskuratzea “inbasiotzat” jo. Bestalde esan beharra dago Ingalaterraren eta Frantziaren Poloniaren aldeko jarrera “ohoragarria” guztiz faltsua izan zela. Alemaniak 1939.eko Martxoaren 15ean Municheko Ituna apurtuz Praga inbaditu zuenean, bi nazioek ez zioten gudarik deklaratu. Horrela, anti-Hitler frontea eraikitzeko (Hitlerri herrialde gehiago inbaditzea burutik kentzeko ideia aproposa) SESBk Munich aurretik eta Munich ondoren egindako proposamenei behin eta berriz muzin egin zieten, Poloniak barne. Eta Polonia dela eta, egin nahi ez zuten guda behin deklaratu zutela, ez zuten Poloniaren alde hatzik mugitu. Irail horretan bertan, Alemania erasoz gero ustekabean harrapatzeko eta garaitzeko aukera izan zuten, Frantziaren eta Alemaniaren arteko mugan, aliatuek 110 dibisio bait zuten eta naziek 25 bakarrik, hau da, proportzioan laukoitza (laukoitza!) den nagusitasuna. Baina ez zuten horrelakorik egin, oraindik Alemaniarekin akordio batetara iristeko asmoa omen zutelako, horrela politika antisobietarrean sakontzeko helburuarekin. Horixe izan zen “Poloniaren defentsan” egin zuten guda, euren posizioetan itxarotean. Baina barregarria bada ere, Alemaniaren aurkako guda deklaratu zuten arren, Alemaniarekin elkarlanean, Finlandia pronazia SESBen aurkako gudan lagundu zuten (SESB Nazioen Elkartetik botatzearen alde ere bozkatu zuten). Norberaren aurka gudan dagoen beste herrialde batekin elkarlanean hirugarren herrialde baten aurka aritzea, historian kasu bakarra izango zen. Hain zen barregarria egoera, ezen II Mundu Guda izango zena Frantzian, 1940.eko Alemaniaren inbasioa gertatu arte drôle guerre hau da, txantxetako guda, bezala ezagutzen zen. Bitartean, Sobietar Batasunak, 1941.eko inbasio kriminalaren ostean, II Mundu Guda osoan, Armada faxistek jasandako baja militarren 80% eragin zuen, trukean hamarnaka milioika hildako eragin zituen triskantza bat jasan behar zuelarik.
Guzti hori kontutan izanda, Mendebaldeko historiografiak SESB “gudaren abiarazle” edo “potentzia erasotzailea” bezala hartzeak, edota 1939.eko Ez Erasotzeko Ituna “bizki totalitarioen antzekotasunaren” edo “SESBen asmo zikoitzen” froga gisa hartzeak sinesgaitza ematen du eta iraingarria da; baina aldi berean beren “frogei” nolabaiteko egiantza ematea lortu izanak historia propagandarekin zenbateraino nahasi den (eta nahasten ari den) erakusten digu. Hemen jarritakoa aintzat hartuta, argi geratzen da Alemania naziaren gaizkiderik inon egon bada, ez dela Sobietar Batasuna,, Mendebaldeko herrialde kapitalistak baizik.
(argazkian, 1934.eko Poloniaren eta Alemaniaren arteko “adiskidetasun ituna”. Erdian, uniforme militarrez, poloniar lider politiko-militar Jozef Pilsudski agertzen da, eta bere ondoan Joseph Goebbels ministro nazia. Ezkerretara Hans Adolf Von Moltke alemaniar enbaxadorea eta eskubitara, Jozef Beck poloniar kanpo arazoetarako ministroa)
No hay comentarios:
Publicar un comentario