domingo, 30 de diciembre de 2012

Berbetan... Fermintxo Santxez Agurruzarekin

Pospolo kutxa, 3. zenbakia (4º trimestre 2012 4. hiruhilekoa)


Berbetan

Fermintxo Santxez Agurruza

Poxpolo kutxa: Aupa, Fermintxo! Lehendabizi, galdetu nahi dizugu nola bururatu zitzaizun Euskal Iraultza Sozialista bloga abiatzea.

Fermintxo: Lehenik eta behin neure burua aurkeztuko dut: Iruñean sortu nintzen 1964an. Euskal Nazio Askapen Mugimenduan 1984an sartu nintzen, Herri Batasunean, zehazkiago. Hurrengo urtean KASen integratu nintzen, ASK erakundean, hain zuzen. Eta 1992an ETAn. 1995ean atxilotu ninduten Bretainian, eta 8 urtez preso eduki ninduten Estatu Frantsesean. 2003an frantsesek Espainiarat bidali ninduten, eta Madril inguruan espainolek sei hilabetez atxiki ninduten gatibu. 2003az geroztik kalean naiz.

P.K.: Bale, eta bloga?

F: Espetxetik atera eta asko kostatu zitzaidan Euskal Herriko egoeran berriz kokatzea. Gauza aunitz ez zitzaizkidan koadratzen, bainan ez nekien zehazki zer zen. 2006an egoera konprenitzen hasi nintzen. Irakaskuntzako langilea izanik (Frantsesezko irakaslea naiz), LAB sindikatuko kidea nintzen eta aurtengo ekainean ponentzia alternatibo bat aurkeztu nuen Kongresuan. Zorigaitzez, LABeko zuzendaritzak eta Nazio Biltzarrak zentsuratu zuten.

P.K.: Bloga zergatik sortu zenuen jakin nahi dugu …

F: Ba kontua da ene ekarpena zentsuratu zutelarik ez nekiela nora jo, eta bururatu zitzaidan interneten bidez Ponentzia zabaltzea. Bi blogek onartu zuten: “Euskal Herria Sozialista” eta “Borroka Garaia Da!”. Honela sartu nintzen mundu horretan, ni informatikan aski analfabetoa bainaiz.
Bi blog hauek erdaldunak ziren, eta pentsatu nuen beharrezkoa zela blog euskaldun bat sortzea Euskal Iraultza eta Errepublika Sozialistaren alde. Honela sartu nintzen abentura honetan, duela hiru hilabete.

P.K.: Urriaren 12an hitzaldi bat eginen duzu Donostian, azaldu ahal diguzu?

F: “Euskal Iraultza Sozialista” bloga eta ESI Taldea elkarlanean aritzen gara, eta Urria Gorria ekimena elkarrekin bultzatzen dugu. Hitzaldian Euskal Nazio Askapen Mugimenduan izan diren bihurgune eta krisi estrategikoak jorratuko ditut: 1930tik, ANVren sorrera, 1959ra arte, Eisenhower eta Francoren arteko besarkada, ENAMen abiatzea eta lehendabiziko krisia. Bigarrena 1967tik, V: Biltzarra, 1970ra arte, Burgosko auzia. Hirugarren bihurgunea 1974tik, mili eta polimien arteko zatiketa, 1976ra arte, KASen sorrera. Eta azkenik, gaur egungo krisi estrategiko sakona, 2009tik honat gertatzen ari dena.

P.K.: Zehaztu ahal duzu gehiago zein izango den hitzaldiaren edukia?

F: Nire planteamendua da Euskal Iraultza Sozialistaren historian lau krisi eta bihurgune estrategiko izan ditugula, eta orain horietariko batean garela, 1937an, 1959an, 1967an edota 1974an bezala, zeren eta oraingo Ezker Abertzaleak Sistema kapitalista eta inperialistan integratzea erabaki baitu. Ondorioz, euskaldun iraultzaileok alternatiba bat eraiki behar dugu hurrengo urteetan, Euskal Iraultza Sozialista likidatu nahi dutenen aurka. Horregatik sortu nuen bloga eta horretarako eginen dut hitzaldia Donostian.

P.K.: Oraingo prozesuaren aurka kokatzen zara?

F: Bai, erabat. Oraingo Ezker Abertzaleko zuzendaritzak borroka armatuaz gain, borroka iraultzaile guztiak likidatzea erabaki du, balizko Estatu Baskoaren truke. Uste dute Inperialismo anglo-saxoi eta sionistak (haiek “Nazioarteko Komunitatea” erraten diote) lagunduko diela helburu hori erdiesten, “txintxo” portatzen badira. Horregatik ari dira burgesia subiranistarekin elkartzen eta aldi berean planteamendu sozialista iraultzaile guztiak suntsitzen.

P.K.: ESI taldea marxista-leninista da, eta zu?

F: ESI taldearekin sintonia ona dut eta elkarlanean ari gara. Haiek marxista-leninistak dira, baina ni ez. Ni komunista iraultzailetzat jotzen dut neure burua, eta fededuna izanik, nire erreferentziazko marko teorikoa Askagintzaren Teologia da. Marx, Engels, Lenin eta gainontzeko teoriko eta ekintzaile komunista guztiak aztertu eta estudiatzen ditugu, jakina, baina gogoeta autonomoa dugu, haien ateismoa onartzen ez dugulakotz. Materialismo Historiko eta Dialektikoa biziki estimatu eta ikasten dugu, baina guk badugu geure ildo filosofiko propioa, Materialismo Utopista deitzen duguna.

P.K.: Planteamendu hauekin ziur gara eztabaida bizia sortuko dela …

F: Hala espero dut nik ere! Krisi garaietan polemikek laguntzen dute aitzina jotzen! Ni asmo horrekin joanen naiz Donostiara, ikastera eta eztabaidatzera.