lunes, 24 de septiembre de 2012

Irailan 26an: Euskal Iraultza Sozialista!

Greba orokorrez haratago... Euskal Iraultza Sozialista!!!

Heldu den asteazkenean azken aldiko bosgarren Greba Orokorra eginen dugu. 2009ko maiatzaren 21ean egin genuen lehendabizikoa, krisiaren aurka. 2010eko ekainaren 29an bigarrena egin genuen, PSOEko Gobernuak inposatutako kontrarreformen kontra. 2011ko urtarrilaren 27an egin genuen hirugarrena, PSOEko politikero sozialdemokratek pentsioen aurka egindako kontrarreformen aurka borrokatzeko. Aurtengo martxoaren 29an laugarrena egin genuen, PPko Gobernu neofrankistak erabakitako neurri basatien kontra. Eta etzi eginen dugu bosgarrena. Orain arte urtean behin egin izan dugu Greba Orokorra, aurten bigarrena dugu, momentuz.

Greba Orokor honetan Hego Euskal Herriko langileok ez gaude bakarrik: Grezian ere langileek greba orokorra eginen dute, PAME langileen fronteak deiturik, Kapitalismo Inperialistak aurrera daraman ofentsiba anker eta basatiaren aurka. Katalunian, Galizian eta Estatu Espainoleko nazio eta eskualdeetan ere, borroka eguna dute greba orokorraren alde, hango “sindikatu” nagusiak, UGT eta CCOO, Kapitalaren morroi hutsak baitira, patronalaren egitura parasindikalak. Langileria Kapitalaren kontrolpean mantentzeko egitura ustelak.

Mundu osoan, langileok borrokan ari gara Kapitalaren Diktaduraren aurka, Merkatuen Tiraniaren kontra, nahiz eta gure klase kontzientzia eta praxi iraultzailea oraindik oso ahula izan. Horregatik estrategia eta aldarrikapen iraultzaileak egin behar ditugu, langileok jakin eta onar dezagun alternatiba bakarra dagoela Kapitalismoaren krisi globalaren aitzinean: Herri Langileek Iraultza Sozialistak egitea planeta osoan, Zibilizazio Komunistaren bidean!

Euskal Sute Iraultzailea -ESI taldeak- , eta Euskal Iraultza Sozialista blogak deiadarra egin nahi dugu Greba Orokor hau gure indar guztiez bultzatzeko, Europar Batasuneko Kapitalismo Inperialistak oro har eta Espainiako Oligarkiak bereziki inposatu nahi dituen kontrarreforma guztien kontra hortzez eta haginez borroka egiteko eta Kapitalaren ofentsiba orokorraren aurka Euskal Herri Langilearen alternatiba sozialista iraultzailea eraikitzeko.

Greba orokorrak ezin dira izan egun bateko kontua. Euskal langileon ofentsiba orokorra behar dugu, programa antikapitalista eta iraultzaile baten alde, Euskal Iraultza Sozialistaren bidean. Horregatik argi eta garbi diogu: irailaren 26an Greba Orokorra dugu Hego Euskal Herrian, eta irailaren 27an Gudari Eguna Euskal Herri osoan, eta irailaren 28an, 29an, 30ean, urriaren 1ean, 2an, 3an … BORROKA EGUNAK!!!

Greba Orokorra borroka dinamika iraunkor baten hasiera izan behar da. Ezin gara defentsiban egon, behialako Ongizate Estatuaren lorpenak berreskuratu nahian. Kapitalismo Inperialistaren ofentsiba basatiaren aurrean, Iraultza Sozialista da bide bakarra. Kapitalaren logikak, bere metatze-beharrek agindu eta agintzen dute langileon eskubideen kontrako ofentsiba basati eta mugagabe hau. Eta Kapitalaren boterea hautsi gabe, ez dago eraso hauek gelditzerik. Kontrakoa dioena gezurretan ari da, Euskal Langileria engainatu eta anestesiatu nahian.

Horregatik, dei berezia egiten diegu euskal langileei sindikatu erreformisten leloak gainditzeko: “Euskal Herrian murrizketarik ez!”, “Zerbitzu publikoak garatu!”, “Por los derechos laborales y sociales”, “Madrildik inposatu nahi dizkiguten murrizketen kontra” bezalako esloganak, berez, ez dira erabat kaltegarriak, estrategia iraultzaile eta antikapitalista baten bidean kokatzen diren heinean. Bainan horretara mugatzen bagara, desegokiak ditugu, ilusio faltsuak sortzen dituztelakotz. Kapitalaren eraso frontala gelditzeko bide bakarra dugu: Iraultza Sozialista!

Kapitalismoaren baitan ez dago langileontzako irtenbide onik. Inperialismo kapitalistak emanen digun bakarra, gerra, miseria eta zapalkuntza dira. Kasu! Inperialismo kapitalista esan dugu, eta ez PPko gobernua, PSOEkoa, UPNkoa edota PNVkoa. Alderdi horiek guztiak burgesak dira, eta Kapitalaren programa politiko eta ekonomikoa aplikatuko dute, Burgesiaren Diktaduraren alde baitaude. Formetan eta ñabarduretan desberdinak ematen dute, detailetan “diferente” izaten saiatzen dira, batzuk espainolistak dira, bertzeak baskoak, baina funtsean den-denek Burgesiaren Diktadura onartu eta defenditzen dute. Diktadura, langileendako; Demokrazia burgesendako, jakina.

Horregatik, lelo eta eslogan iraultzaileak ere oihukatu behar ditugu: “Kapitalismoa suntsitu!”, “Iraultza da bide bakarra!”, “Sozialismoa, irtenbidea!”, “Zuek kapitalistak, zarete terroristak!”, “Euskal Errepublika Sozialista!”, “Así, así, ni un paso atrás, contra el terrorismo del Gran Capital!”, eta bertze holako aunitz.

Eta zer esan orain arte Amaiur, Bildu edota EH Bildu bezala agertu diren indar politiko horiei buruz? Kapitalaren logika eta diktaduraren aurka jotzen ez duten heinean, Iraultza Sozialistaren alde borrokatzen ez diren neurrian, Euskal Herri Langilea ilusio eta lilura erreformista eta instituzionalisten bidez lokartzen duten proportzioan, haiek ere Kapitalismo Inperialistaren baitan kokatzen ari dira, gero eta argiago egunetik egunera. Ez dute Kapitalismoa suntsitu nahi, bainan “ezkerretik” “bestelako” ekonomia eredua kudeatu; ez dute Euskal Errepublika Sozialista nahi, baizik eta “Euskal Estatu librea”, hau da, Estatu basko burgesa, Irlandan 1921ean bezala, “the Irish Free State”, honek ekarri zuèn guztiarekin; ez dute OTANetik, Eurotik eta Europar Batasun Inperialistatik irten nahi, bainan Europan “Estatu berri bat” sortu, Katalunia eta Eskoziako burges txikiekin batera, “Nazioarteko Komunitatearen” onespenarekin, hots, Inperialismo anglo-saxoi eta sionistaren balizko babesean, nolabaiteko Kosovo berriak; ez dute Euskal Iraultza Sozialista nahi, bainan “aldaketa sozial eta politikoa”, eta horrelako hamaika adibide. Euskal Langileria engainatu nahi dute beren diskurtso erreformista eta sozialdemokratarekin, gero PNVko burgesia baskoaren besoetara lasterka joateko, “batasun nazionalaren” izenean.

Horregatik, Euskal Sute Iraultzailea -ESI taldeak- , eta Euskal Iraultza Sozialista blogak bozka iraultzailea eskatzen dugu urriaren 21ean Euskal Herriko mendebaldeko hiru herrialdeetan eginen diren hauteskunde autonomiko espainoletan. Bozka iraultzailea, Euskal Errepublika Sozialistaren alde; bozka iraultzailea, Abiadura Handiko Trenaren aurka; bozka iraultzailea Kapitalismoaren kontra; bozka iraultzailea Euskal Herri Langilearen Iraultza Sozialistaren alde; bozka iraultzailea, OTAN eta Inperialismoaren aurka; bozka iraultzailea, Amnistia Osoaren alde; bozka iraultzailea matxismo eta patriarkatuaren kontra; bozka iraultzailea Euskal Herri euskaldunaren alde, bozka iraultzailea gure amets, utopia eta helburu guztien alde!

Sozialismoa ala basakeria!

Iraultza Sozialista ala Esklabutza Kapitalista!

GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!

IRAILAREN 26an, GREBA OROKORRA!

IRAILAREN 27an, GUDARI EGUNA!

IRAILAREN 28an, 29an, 30ean … BORROKA EGUNAK!

JOTAKE IRABAZI ARTE!!!

No hay comentarios: