jueves, 21 de noviembre de 2013

Sevilla II-ko gose greban dauden euskal preso politikoeikiko elkartasun agiria (ESI taldea)

Sevilla II-ko gose greban dauden
euskal preso politikoekiko elkartasun agiria


Idazki honen bitartez ESI taldeak bere sostengu osoa erakutsi nahi die Sevilla II-ko espetxean bere bizi baldintza okerrengatik borrokaldian dauden euskal preso politikoei:

Besteak beste, honakoak dira gose greba egitera bultzatu dituzten arrazoietako batzuk: beti isolamenduko moduluan izaten dituzte; ez diete inolako aktibitaterik egiten uzten; patiora irteterakoan metal detektagailutik igaroarazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten dizkiete gorputz osotik, noiznahi barrabilak edo zakila ukitzera helduz, tentsio une handiak bizi dituzte; Arkaitz Bellon euskal preso politikoak jipoia jasan zuen; aurrez-aurreko bisitetatik bueltan miaketa integralak (osoki biluztera behartuz) egin izan dizkiete; eta abar luze bat.

Baina zigor neurri hauek ez dira presoetara mugatzen soilik, eta Etxerat elkarteak salatzen duenez, "Guk geuk, senide eta lagunok ere, espetxe honetan ematen diren jazarpen egoera hauek pairatu behar izaten ditugu, izan ere, sakabanaketa politika aplikatzeaz gain bestelako eskubide urraketak ere pairatu behar izaten ditugu. Miaketa ugari izaten ditugu bisitetara sartzerakoan, zenbait kasutan baita bisita kristalaren atzean izanda ere, hau da, presoarekin inolako kontakturik izan ez arren. Eta egoera hauek, jada espetxe barruan bizi den tentsio giroa areagotu besterik ez dute egiten.
Guzti honengatik, eta beraien eskaerekin bat eginez, ezinbestekoa jotzen dugu:
• Mugagabeko isolamenduarekin amaitzea. Euskal preso politikoak elkarrekin izatea.
• Oinarrizko eskubideak errespetatzea. Etengabeko jazarpen eta erasoekin amaitzea''

Isiltasuna eta uzkeri ideologikoa nagusi diren honetan, pozgarria suertatzen da duintasun eta erresistentzia adibideak daudela eta bere horretan mantentzen direla jakiteak. Beraiek erakusten ari diren borrokarako grina itxaropenez betetzen gaitu.

Erabat salagarria, beste behin, informazio iturri desberdinek gai honen inguruan mantentzen duten isiltasuna, horrela preso politikoen bakardade eta berauen borrokaldien itzaltze lanetan ezinbesteko laguntzaileetan bihurtzen direlarik.

Gure aldetik, elkartasun aktiborako deia egiten dugu, preso hauen eta bere eskakizunen berri edonon emanez, hauek edonon gizarteratuz, gure auzo eta herriko hormetan ezagutaraziz, gaia edozein hitzaldietan edo lagun arteko elkarrizketetan ateraz, familiek beraien senide presoak bisitatzeko dirua bilduz.

Sevilla II-ko euskal presoekin elkartasuna!

Presoak borrokan, guk ere bai!

AMNISTIARIK GABE, BAKERIK EZ!


Donostian, 2013ko azaroaren 21an
ESI taldea