miércoles, 29 de mayo de 2013

''Eta biharamunean, ZER?'' (IBIL, Iraultzaileen Bilguneak)

Euskal Iraultza Sozialistatik hartuta


ETZI GREBA...
ETA BIHARAMUNEAN,
ZER?

      Etzi, beste behin ere, euskal langileok gure indarra erakutsiko dugu.
      Burgesiak sinestarazi nahi digu haiek ematen digutela lana, haiek direla mundua mugitzen dutenak, haiek gabe gu ez garela ezer.
      Etzi bezalako egunetan, langileok ikusten dugu Kapitalismoaren gezurrak noraino diren erabat faltsuak: guk mugitzen dugu mundua, guk gelditu ahal dugu Sistema hiltzaile eta terrorista hau, guk eraiki ahal dugu bestelako sistema bat, langile eta zapaldu guztien zerbitzura funtzionatuko duen sistema:
  S O Z I A L I S M O A
      Eta biharamunean, zer? Soldatapeko esklabutzara itzuliko gara batzuk, eta beste batzuk, soldatagabeko miseriara, langabezira.
      Zertarako greba orokorrak orduan? Egun bateko protestak izateko? Ala balizko kapitalismo leun eta “humanoago” baten esperantza faltsuak pizteko? 
      Ez gaitezen engaina. Kapitalismoaren krisi globala politiko eta sindikalista erreformistek esaten diguten baino askoz sakonagoa da.
      Haiek sinestarazi nahi digute “Ongizate Estatura” itzuli ahal garela, greba orokor batzuk eginda, presio moduan, Burgesiak amore emango duela eta galdutako eskubide sozialak berreskuratuko ditugula. Gezurretan ari dira, eta badakite.
      II. Mundu Gerra Inperialista ondoren, Kapitala berriz metatzeko zikloa berrabiatu zen 60 milioi pertsonen hilobien gainean.
      Irabaziaren Tasa berreskuratu zen, eta Oligarkia Inperialistek eta beren morroi sozialdemokratek berriz ere sinestarazi nahi izan ziguten Kapitalismoa eternoa dela, krisi ekonomikoak “iraganeko kontuak” zirela.
      Baina berriz ere Sistema Kapitalista krisian murgildu zen 70. hamarkadan, haren berezko barne kontraesanenen ondorioz eta Herri Langileok Inperialismoaren kontra egindako borroka heroikoengatik.
      Horren aurrean Burgesiak kontraofentsiba gogorra eraman zuen aurrera neoliberalismoaren eskutik, gerrak piztuz munduan zehar eta jadanik barnetik oso ahulduta zegoen Bloke Sozialista erabat suntsituz edota Kapitalismoranzko bidean jarriz. Honela, beste 20 urteko hazkunde ekonomikoa lortu zuten, krisiaren eztanda sahietsezina atzeratuz. 2008az geroztik, eztanda horren erdian gaude.
      Langileok argi izan behar dugu, Burgesiak krisi hau baliatu behar duela ezinbestez bere Irabaziaren Tasa berreskuratzeko, edozein preziotan, Kapitalaren metatzearen beste ziklo bat abiatu ahal izateko 
      Hil ala biziko kontua da hau munduko oligarkia guztientzat, beren klasearen etorkizuna jokoan baitute.
      Haien artean lehia gupidagabean ari dira, eta horrek, ekarri digu langabezia, prekarietatea areagotzea, bereziki gazte eta emakumeen artean, murrizketak, pribatizazioak, etxegabetzeak, lan baldintzen okerragotzea, soldaten jaitsiera, errepresioaren areagotzea, eraso inperialistak...
      Langileok jakin behar dugu ohiko protestek ez dutela Burgesia mugiaraziko. 
      Krisiaren bidez Langileriak lortutako konkista sozial guztiak ezabatu nahi dituzte, eta helburu horretan ez dute amore emango.
      Guretzat ere, langileontzat, hil ala biziko borroka da hau.  
      Aurreko krisietan gertatu zen bezala, honek ere basakeria eta sarraski aro batean sartuko gaitu, zeina III. Mundu Gerra batean buka baitaiteke.
      Langileok garbi ikusi behar dugu Burgesiak etengabe egiten dizkigun erasoen kontrako estrategia defentsibo hutsak porrotera eramango gaituela. 
     Etzi bezalako greba orokorrak baliagarriak dira Euskal Langileriaren klase kontzientzia eta praxi iraultzailea indartzen duten neurrian
      Baina sindikatuek planteatzen dutenetik haratago jo behar dugu. Defentsarik onena erasoa denez, Sistema Kapitalista suntsitzearen aldeko borroka berpiztu behar dugu:
 I R A U L T Z A     S O Z I A L I S T A

      Behin eta berriz aipatzen diguten Euskal Estatuak ez digu askorik lagunduko, sozialista ez bada. Eta Euskal Estatu Sozialista lortzeko, Iraultza Sozialista bururaino eraman behar dugu, Langileen Biltzarretan oinarritutako Errepublika Sozialista eraikiz
      IBILek, Iraultzaileen Bilguneak, Maiatzaren Lehenean plazaratu zituen Euskal Errepublika Sozialistaren hamar puntuak (ikusi IBIL: Euskal Errepublika Sozialista). Gure ustez, horiek dira Euskal Herri Langilearen eta bereziki Euskal Langileriaren erabateko emantzipazio eta askatasun nazional zein soziala bermatuko dituzten neurriak.
      Helburu hori lortzeko bere klase kontzientzia etengabe indartu eta sakondu behar du: formakuntza, antolakuntza eta borroka
      Gaurko greba urrats inportantea da bide honetan eta bihartik aurrera borrokan segitu behar dugu fronte guztietan: herri, auzo, lantoki eta ikastetxe guztietan langileen komite unitarioak sortuz, Kapitalismoaren aurkako konfrontazioa aurrera eramateko. Ildo beretik, Herri Mugimendu iraultzaile guztiak indartu behar ditugu: gazteria, amnistia, feminismoa, ekologismoa, antiimperialismoa... 
      Zeren beldur gara?
      Zeren esperoan gaude?

      Kateak bakarrik ditugu galtzeko, mundu oso bat dugu lortzeko: 

S O Z I A L I S M O A
  ala
 B A S A K E R I A!

GORA LANGILEON BORROKA !
GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA,
EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTAREN BIDEAN !
JO TA KE, IRABAZI ARTE !




Zer da IBIL, Iraultzaileen Bilguneak?
      - Oinarriak (Euskal Iraultza Sozialista blogari esteka)