jueves, 2 de mayo de 2013

IBIL, Iraultzaileen Bilguneak, Euskal Langilerari maiatzaren lehenengo honetan:

Euskal Iraultza Sozialistatik hartuta


EUSKAL LANGILERIARI:

      2013ko maiatzaren lehenengo honetan, IBIL, Iraultzaileen Bilguneak hauxe adierazi nahi die euskal langile guztiei: munduko beharginontzat egun hau beti izan da borroka eguna. 1886an Chicagon Estatu Batuetako Burgesiak erail zituen langile iraultzaileen borrokak eta helburuak aldarrikatzen ditugu, gaur ere.
      2007an lehertu zen krisi kapitalistaren erdian aurkitzen gara. Krisi honen jatorri eta zergatia ez dira neoliberalismo eta espekulazio finantzieroaren gehiegikeriak, erreformistek sinestarazi nahi diguten bezala. Bizi dugun egoeraren sorburua Kapitalaren etengabeko metatzearen berezko kontraesanak dira. Horregatik, Kapitalismoaren mugen barnean langileok ez dugu irtenbiderik. Burgesiak bere irabaziak langileen bizkarretik handitu behar ditu, eta horretan ari da behin eta berriz. Zapalkuntza gero eta gogorragoa izango da.
      Krisi hau globala eta estrukturala da, egunero pairatzen ditugu bere ondorioak: milaka behargin lanik gabe; milaka familia miseria gorrian; prekarietatea areagotzea, bereziki gazte eta emakumeen artean; etxegabetzeak,  eta horien ondorioz suizidioak; kaleratzeen mehatxu terrorista patronala; soldaten jaitsierak; lan eta bizi baldintzen okerragotzea; lan istripuak egunero; errepresio gero eta gogorragoa mugimendu sozial guztien kontra: sindikatuak, langabetuak, gazteak, denetariko eragile sozialak...; eraso inperialistak nonahi; ekosistemen suntsitze masiboa...
      Euskal Herrian, mundu mailan sufritzen den esplotazio kapitalistari eta menderakuntza patriarkalari zapalkuntza nazionala ere gehitu behar diogu. Egoera honen irtenbide bakarra Iraultza Sozialista da. Batzuek sinestarazi nahi digute Euskal Estatu (Burges) batek krisia konponduko lukeela, eta hori gezurra da. Langileen Biltzarren boterean oinarritutako Euskal Errepublika Sozialista baten bidez soilik lor dezakegu langileok geure askatasun nazional eta soziala: Independentzia, Sozialismoa, Birbatasuna eta Berreuskalduntzea. Baina helburu hau lortzeko, Euskal Langileriak bere klase kontzientzia indartu behar du. Langileok jakin behar dugu geure klase interesak eta burgesiarenak antagonikoak direla, burgesia baskoarenak ere bai, eta gure eginkizun historikoa dela Kapitalismoa suntsitzea eta klaserik gabeko jendartea eraikitzea. Horregatik, euskal langileok  independenteki eta burgesiaren klase interesen aurka antolatu behar dugu geure burua.
      Maiatzaren 30ko Greba Orokorra horretarako baliatu behar dugu. Data horretan, Burgesiari hortzak erakutsi behar dizkiogu behingoz, eta hortik aurrera, egunero, argiro erakutsi, hitzez eta ekintzez, gure borrokaren helburua ez dela “Ongizate Estatua” delakoa berreskuratzea, baizik eta Kapitalismoa suntsitzea eta Sozialismoa eraikitzea. Euskal Iraultza Sozialistak bakarrik irekiko dizkigu askatasunaren ateak.
      Hori lortzeko, bide bakarra dago: formakuntza, antolakuntza eta borroka. Sor ditzagun herri, auzo, lantoki eta ikastetxe guztietan greba komite unitarioak. Maiatzaren 31an, batzorde horiek lanean eta borrokan segitu behar dute, Burgesia eta Kapitalismoaren kontra eta krisiaren irtenbide iraultzailearen alde.
      Langileriaren egun honetan ezin ahaztu espetxeetan, erbestean eta sasian diren militante iraultzaileak. Haietako bakar bat giltzapean duten bitartean, Euskal Langileria ez da libre izango, horregatik Amnistia Osoa aldarrikatzen dugu, Euskal Errepublika Sozialistaren garaipenaren bidean. Eta gogoan ditugu, bereziki, Anjel Figueroa eta Xabier Lopez Peña, gure etsai nagusi ditugun Estatu Frantses eta Espainolak erailak.
      Gaur manifestazioa dugu. Bihartik aurrera, greba komiteak antola ditzagun, klase kontzientzia sendo dezagun, herri eta langile borroka guztiak indar ditzagun, Burgesiaren legalitate ustela apur dezagun!

Gora munduko langileria!
Gora Euskal Iraultza Sozialista,
Euskal Errepublika Sozialistaren bidean!
Jo ta ke, irabazi arte!!!
Euskal Herrian, 2013ko maiatzaren 1ean,
IBIL, Iraultzaileen Bilguneak 

 
 Zer da IBIL, Iraultzaileen Bilguneak?

      -IBIL: Oinarriak

      -IBIL: Euskal Errepublika Sozialista

No hay comentarios: