domingo, 16 de diciembre de 2012

Jon Bienzobas euskal preso politikoaren bizitza arriskuan funtzionario baten axolagabekeriagatik

Euskal Iraultza Sozialistatik hartuta


Jon Bienzobas euskal presoaren bizitza arriskuan funtzionario baten axolagabekeriagatik Frantziako Saint Maur espetxean

Jon Bienzobas preso galdakarra azaroaren 12an Saint Maur espetxetik atera zuten, hurrengo egunean Parisko ospitale batean ebakuntza bat egin behar ziotelako. Kirofanoan zein Jon egon zen bestelako dependentzia guztietan, momentu oro E.R.I.S talde berezia presente egon zen. Sudurreko ebakuntza bat izan zen eta dena ondo atera zenez azaroaren 15ean, espetxera eraman zuten berriro ere.
 
Azaroaren 21ean, ospitaleko mediku bat joan zen espetxera, ebakuntzan sudur barnean babesteko jarri zioten sarea kentzera. Eta guzti hau normaltasun osoz eta arazorik gabe eman zen, azaroaren 24a arte. Egun horretan 19:00ak inguruan Jon Bienzobas sudurretik odoletan hasi zen, eta une horretan bertan Administrazio Penitentziarioa jakinaren gainean jarri zuen bi funtzionarioren bitartez, 10 egun lehenago ebakuntza bat izan zuela sudurrean adieraziz. Larrialdietakoak jakinaren gainean zeudela, sudurra tapatuta izateko eta gelditzen ez bazitzaion berriz ere abisatzeko erantzuten zioten. Hala ere, Bienzobasek egoeraren larritasuna baieztatzeko arduraduna bera ikustera joateko eskatu zien. Baina, ez zen inor agertu. Ordu erdi beranduago odola isurtzeari utzi zion.
 
Goizaldeko 01:45etan berriro odoletan hasi zen, eta berak lortu zuen hemorragia gelditzea. Baina, ez zuen luzaro iraun; 02:30ean berriro hasi baitzen odoletan. Une horretan interfonotik jakinarazi zien, berriro ere, Administrazio Penitentziariokoei odoletan ari zela eta ez zitzaiola gelditzen. 02:45etan lehen aldiz, funtzionarioen arduraduna Bienzobasen ziegan sartu zen beste hiru funtzionariorekin batera. Funtzionarioen arduradunak ziega guztia odolez zegoela ikusi arren, ez zion kasurik egin eta 20 minutuz sudurra estutzeko esan zion, beraiek larrialdietara deituko zutela bitartean. Egoera hain zen kezkagarria, funtzionario batek arduradunari zerbait egin beharko luketela esan ziola; arduradunak isilarazi egin zuen, ordea.
 
02:50ean jada egoera oso gogorra zen. Beinzobasek beste presoei laguntza eskatu zien, eta denek interfonoetatik eskatu zuten larrialdietakoak etortzen ziren bitartean norbait egotea Bienzobasekin, konortea galduko zuen beldur zirelako. Jada ahotik odol koaguluak eta guzti botatzen zituen. Egoera benetan larri hau beste ordu betez luzatu zen, benetan kritikoa izatea iristen zelarik. Funtzionarioak benetan kezkaturik eta urduri aurkitzen ziren, arduradunagatik ere gaizki esaka aritu zirelarik, honek ez baitzuen Bienzobasen ziegaren atea irekitzen. 04:00ak pasatxo zirenean, eta funtzionarioek egoeraren benetako larritasuna eta arduradunaren jarrera ikusita ziegako atea zabaltzea erabaki zuten. Bienzobas oso ahul zegoen, gorputzeko tenperatura jaitsia zuen, hanken sentsibilitatea ere galdua zuen eta funtzionarioen artean erizaindegira eraman zuten. Bertan funtzionarioek txandatu egin behar izaten zuten bere hemorragiari eusteko.
 
05:30ean, egoera oso kritikoa izatera pasa zen. Ahotik eta sudurretik botatzen zituen koaguluak, eta ondorioz ezin zuen ezta arnasa hartu ere. Konortea galtzeko zorian ere egon zen. Funtzionarioak eurak ere oso urduri zeuden, ez baitzuten ulertzen larrialdietakoak zergatik atzeratzen ari ziren, eta Bienzobasengatik oso kezkatuta zeuden.
 
Goizeko 06:10etan iritsi zen anbulantzia. Erizaindegitik espetxearen sarrera eraman zuten Bienzobas funtzionarioek, eta bertan ordura arte desagertuta egon zen funtzionarioen arduraduna berragertu zen eskuburdinekin eta hankak lotzeko beste burdin batzuekin. 06:30ean iritsi zen Chateauroux ospitaleko larrialdietara. Egoera ikusgarria zen, izugarrizko koaguluak ateratzen zitzaizkion.
 
Hemorragiaren zergatia azaldu zioten larrialdietan. Badirudi ebakuntzan sudurraren barruan ebaki bat egin ziotela eta glandula horren postilla edo zolda apurtu egin zela, eta horregatik sortu zitzaiola hemorragia. Larrialdietan zauria itxi zioten eta sudurrean zituen koaguluak atera zizkioten. Hala ere, Bienzobasek odol asko galdu zuenez, eta espetxeak gau horretan izan zuen jarrera ikusita, larrialdietako medikuek erabaki zuten 36 orduzospitaleratua izatea, berriro espetxera eraman zuten arte.
 
Jon Bienzobasek lehen pertsonan egiten duen kontakizun hau benetan beldurgarria da. Hasiera batean konplikazio handiegirik ez duen kontu bat, oso muturreko egoera bat izatera pasatzen da espetxearen eta bereziki funtzionarioen arduradunaren arduragabekeriagatik! Jon Bienzobasek hil ala biziko egoera bat bizi behar izan du espetxean izan duen asistentzia faltagatik!
 
Hau da, gure senide bat konortea galtzeko zorian egon da espetxearen ardura faltagatik, eta bere osasun egoera muturrekoa izatera pasa zen arrazoi honegatik, bizitza bera arriskuan jartzera arte. Odola isurtzen hasi zenetik ospitalera eraman zuten arte 11 ordu igaro ziren, eta 11 ordu horietan espetxeak Jon Bienzobas odol husten utzi zuen. Eta guzti hau, jakinda hamar egun lehenago sudurreko ebakuntza bat jasan zuela.
 
Etxerat elkarteko senide eta lagunontzat gertakari hau oso larria da, gure senideen oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, euren osasun egoera bera ere arriskuan jartzen duelako. Lotsagarria eta oso kezkagarria iruditzen zaigu. Saint Maur espetxeak eta bereziki gau horretan funtzionarioen arduraduna zenak arduragabekeria osoz jokatu zuten, euren jokabidea benetan makurra izan zelarik; eta horregatik, arduraz jokatzeko eta honen aurrean hartu beharreko neurriak hartu ditzaten exijitzen dugu. Berriro gure senide baten bizitza arriskuan egon ez dadin, espetxearen arduragabekeria soil bategatik. Izan ere, osasun eskubidea gure senide presoei ere badagokie, baina behin eta berriro urratua izaten da.
 
Honaino ETXERAT elkarteko testua. Zer gehiago erran? Nik ere zortzi urtez ezagutu nituen Frantses Errepublikako espetxeak, eta burgesiaren diktaduraren muina, izan errepublika ala monarkia, faxismoa ala parlamentarismoa, beti berdina da. Azalak aunitz dira, baina mamia berbera. Eta espetxeekin berdin.
 
Amnistia behar dugu, bi estatu burges, etnozida eta terrorista horiek preso eta bahituta dituzten gure lagun eta adiskide iraultzaileak etxerat joan daitezen. Amnistia osoa, eta baldintzarik gabe, euskal iraultzaileendako, eta gainontzeko iraultzaileendako ere bai, jakina, eta justzia iraultzailearen zorrotza Euskal Herri Langilea urtez urte zapaldu eta martirizatu duten mertzenarioendako.
 
Hau da, Amnistia, garaipenaren ondorioa. Urtarrilaren 12an hitzordu garrantzitsua dugu Bilbon, euskal preso politikoen alde. Euskal herriaren sektore zabalengana egin da, minimoen planteamendu humanista batetik. Den-dena beharrezkoa da presoen alde, eta bide horretan, den-dena beharrezkoa delakotz, bada garaia Amnistiaren aldeko dinamika eta mugimendua berpizteko, gainontzeko dinamiken osagarri. Zeren eta Amnistia eskatzen baitugu preso abertzale, sozialista eta iraultzaileendako, ez baitute inolako deliturik egin, Euskal Herri langilearen defentsan aritu dira, bertzerik ez. Beren borrokaz eta duintasunaz harro gaude, eta hemen barkamena eskatu behar duten bakarrak, Frantzia eta Espainia dira, bi estatu etnozida, hiltzaile, torturatzaile eta terroristak. Eta beren mertzenarioak.
 
 
PRESOAK KALERA, AMNISTIA OSOA!!!
 
AMNISTIARIK GABE, BAKERIK EZ!!!

No hay comentarios: