martes, 22 de octubre de 2013

Tommy McKearney (biografia)

Irlandar langileria eta bere askapen borroka jardunaldien informazioa (III)


-Militante irlandar gonbidatuaren biografia: Tommy McKearney

Tommy Mckearney Sei Konterrietako Lurgan hirian jaio zen tradizio errepublikar luzea zuen familia baten magalean. Bere bi aitonek IRAn egondakoak ziren, Irlandako Independentzia gudan parte hartu zutelarik.
Tommyk bere anaietako hiru galdu egin ditu Irlandako errepublikaren birbatasunaren eta ipar Irlandako komunitate irlandarraren duintasunaren defentsan zabalduriko askapen borrokan. Sean McKearney 1974eko maiatzaren 8an erori egin zen borrokan, prestatzen zegoen lehergailuak eztanda egin zionean. Padraig McKearney, 1983an beste 37 preso errepublikarrekin batera espetxetik ihes egitea lortu ostean, 1987an hil zuen britainiar armadako talde berezietako batek bere beste zazpi kiderekin batera. Kevin Mckearney 1992an erail zuen talde unionista batek familiaren harategian lan egiten zegoen bitartean. Bere osaba John McKearney, Jack bezala ezagututako, hiru hilabeteren buruan hil zen erasoan jasotako zaurien larritasunagatik. Ahizpak, Margaret Mckearneyk, lintxamendu sensazionalista eta mediatiko parapolizialaren biktima izan zen, burutu gabeko estradizio eskaera bat izan zuelarik 1975ean “Britainia handiko emakumerik arriskutsuena” izateagatik.
1971ko abuztuaren 9an, hain justu “internment” lege militar-diktatoriala indarrean jarri zen egunean, Mckearneyk bere “A level”-aren (batxilergo-selektibitate modukoa) emaitzak jaso zituen. Belfasteko unibertsitatean sartzeko ideia zuen baina lortutako emaitzek ez zioten sarrera bermatu. “Internment” legea “edalontzia gainezka egiteko tanta” bezala definitu zuen eta IRA probisionalean sartzea erabaki zuen, Ekialdeko Tyrongo brigadan kokatuz, taldeko nagusietako bat izanik 70 hamarkadaren erdialdean. 1977ko urriaren 19an atxilotu zuten Stanley Adams militarra hilik suertatu zen ekintza leporatuta. McKearney zazpi egunez izan zuten atxilotuta eta galdeketetan tratu txarrak jaso izana salatu zuen. Beranduago bizi osorako zigorra jaso zuen, 20 urteko kunplimenduarekin.
Tommy manten protestan eta garbiketa grebetan parte hartu zuen espetxean. Horrekin batera 1980ko gose greban ere, bere garaiko presokideekin. Gose grebari ekin aurretik honakoa adierazi zion bere gurasoei:
“Nire karta guztiak jarriko ditut mahai gainean. Gose greba burutzera noa. Hilko banintz, gustatuko litzaidake Roscommonera itzultzea eta aititeren ondoan hilobiratzea… Ez ezazue jendea zuengan eragiten utzi, zuen lagun bakarra Mugimendu Errepublikarra izango da. Hilko banintz familia ez dadila ezertaz lotsatu. Hilko banintz, nire bizitza borrokagatik eta hemen geratuko diren mutilengatik izango denaren jakitun izango naiz. Eta nire hiletan prentsak “ikus ezazue zelan uzten duen IRAk zuen semea hiltzen” esaten badu, honakoa esan baino ez duzue: “Nire semea irlandar gudari gisa eta ez britaniar kriminal baten modura hil egin da”. 53 egun eman zituen gose greban, urriaren 27tik abenduaren 18a bitartean eta medikuak esan bezala, ordu gutxi geratzen zitzaizkion bizirik gose greba bertan behera uzteko erabakia hartu zenean.
Tommy 1993an askatu zuten, bere zigorraren 16 urte bete eta gero. 2003 urtean BBC telebistak ekoiztutako “Life After Life” dokumentalean agertu zen. Gaur egun kazetari independente bezala aritzen da, Fourthwrite argitalpenaren arduraduna da eta Independent Workers Union of Ireland sindikatuko gidarietako bat, bere izaera militantea ezertarako galdu gabe eta etengabean bertoko mugimendu errepublikar eta sozialista zahar eta berriarentzat zalantzagabeko erreferente bat delarik.