miércoles, 2 de enero de 2013

''Urte berri gorri on!'' (Pospolo kutxaren editoriala)

Pospolo kutxa, 4. zenbakia (1º trimestre 2013 1. hiruhilekoa)


Editoriala

Urte berri gorri on!

       Hasten dugun 2013ko urte berri honek, Euskal Herriko iraultzaileontzat garrantzi izugarria izango du.
      Mundu mailan sofritzen den krisi kapitalistaren zorroztasunaz aparte, zeinak askoren kontzientzia esnatuko duen (eta, dagoeneko, ari da), Estatuaren erantzun errepresiboaz 'lagunduta' ere; Europako militantzia eredugarriena zuen Ezker Abertzalearen aldaketa estrategikoaren erabateko burutzea daukagu.
      Mitchell printzipioen onarpena, Estatuko instituzioetan integratzeko sigla berriak (Bildu, Amaiur, EH Bildu), ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaiera eta tartean antolakunde iraultzaileen desagerpena (Ekin, Askatasuna, Segi)… bitartean estrategia politiko berriak eskatzen duen diskurtso aldaketa (erabat likidazionista, noski) eta errepresio ''selektibo'' batek gaur egungo egoerara ekarri gaitu, 2013an aurkitzen duguna.
      Urte berri honetan, oraingo Ezker Abertzalea diseinatu duen 'ezkutuko zuzendaritza' horrek bi 'ultimatum' bidaltzen dizkio Euskal Herri Langileari, eta batez ere, bere militantziari: Sortu alderdia eraikiko duen ''eztabaida'' eta gazte antolakunde berri bat ''eratuko'' duen gazte zukgua deritzon prozesua. Bi hauen bukaera, 'ezkutuko zuzendaritza' horren benetako asmoak (orain arte asko disimulatu ez badituzte ere, Herriaren borondate onezko itxaropena irabazi dutenak) argituko ditu, bere militantzia eta Euskal Herri Langilea erabaki garrantzitsu bat hartzeko konpromezu handi batean jarriz: sisteman integratzea onartzea, inperialismoak ''zor digun'' Estatu Libre baten esperoan; edo Euskal Iraultza Sozialistarengatik borrokan segitzea, gure aitzindariak bezala.
      Hiru urte daramagu estrategia aldaketa honen hasieratik, estrategia politiko-militarraren ukazioa eta likidazionismo kontrairaultzailea ekarri duena, 1936tik datorren Euskal Herri Langilearen borrokarekin bukatu nahian, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua krisi larri batean murgilduz. Zentsurak, presioak, kanporaketak... eta hainbat trikimailu gehiago 'goitik' erabili badira ere, Ezker Abertzaleko sektore handi batek honekin ados dagoelaz konstziente izan behar gara, gaurko egoera ikusita. Sortu eta gazte zukguaren prozesuak, 'ultimatumak', bananduko du Euskal Herri Langilea, erreformista eta iraultzaileen artean; borondate onezko 'inozorik' ez dago onartzerik. Prozesu hauen ondoren, erreformismo eta likidazionismoa bere osotasunean agerikoak izango direnean, ezingo dugu 'ezkutuko zuzendaritza' eta bere trikimailuez hitz egiten jarraitu, baizik eta Ezker Abertzale Berriaz, bere osotasunean, bere zuzendaritza eta oinarriko militantzia barne.
      Oraingo Ezker Abertzaleak hutsune handi bat utzi du iraultzaileontzat, umezurtz utzi nahi izan du Euskal Iraultza Sozialista, zeinengatik Argala bezala, askok bere bizia eman duten, eta are gehiago, Estatu espainiar eta frantsesaren tortura, espetxeratzea, erbesteratzea... Iraultzaileok zeozer daukagu esateko, eta batez ere, lan egiteko.

Gora Euskal Iraultza Sozialista!

No hay comentarios: