Lenin, 1917.
Euskal Iraultza Sozialista blogean, autorearen komentarioarekin
I.- kapitulua: KLASE-SOZIETATEA ETA IRAULTZA
1.- Estatua, klaseen arteko kontraesanen izaera eramangaitzaren produktua
“Marxen doktrinarekin gaur egun, Historian pentsalari iraultzaileen doktrinarekin eta askatasunaren aldeko borrokan klase zapalduen buruzagien doktrinarekin behin eta berriz gertatu dena gertatzen da.
Iraultzaile handien bizitzan, klase zapaltzaileek etengabeko jazarpenez azpiratzen dituzte, beren teoriak haserrerik basatienarekin, gorrotorik amorratuenarekin hartzen dituzte. Beren heriotza ostean, minik ematen ez duten ikono bihurtzen saiatzen dira, kanonizatzen, nolabait esatearren, beren izenak loriazko aureola batez inguratzen, horrela klase zapalduak “kontsolatu” eta engainatzeko, beren doktrina iraultzailearen edukia zikiratuz, honen sorbatz zorrotza kamustuz, hau baliogabetuz.
Marxismoaren halako “konponketaren” aurrean eskua ematen diote elkarri gaur egun burgesiak eta langileen mugimenduko oportunistek. Ahantzi egiten dute, bigarren maila batera baztertzen dute, desitxuratu egiten dute doktrina honen alderdi iraultzailea, bere izpiritu iraultzailea.
Lehen mailan jarrarazten dute, goretsi egiten dute burgesiarentzat onargarri dena edo hori ematen duena. Sozial-chauvinista guztiak dira gaur egun -bromak alde batera utzita!- “marxistak”. Eta gero eta maiztasun handiagoz, zientzialari burges alemaniarrek, atzo oraindik marxismoa birrintzen espezialistak zirenak, gaur Marx nazional-alemaniar batez hitz egiten dute, hauen arabera, hain zoragarri antolaturiko langile elkarte hauek hezi zituena, harrapakeriaren gerra aurrera eramateko!
Horrelako egoeraren aitzinean, marxismoaren desitxuratzearen zabalkunde ikaragarri honen aurrean, gure eginkizuna, batez ere, Marxen Estatuari buruzko benetako teoria berreskuratzean datza. Honetarako beharrezkoa da Marxen eta Engelsen idazlanetako pasarte sorta oso bat aipatzea. Bistan da, aipamen luzeek azalpena astun egiten dute eta ez diote ezertan laguntzen idazki honi izaera herrikoia ematen. Bainan erabat ezinezkoa da hauek alde batera uztea. Ez dago beste erremediorik, Marx eta Engelsen idazlanetako Estatuaren inguruko pasarte guztiak, edo, gutxienez pasarte erabakigarri guztiak, ahal den modurik zabalenean aipatzea baizik, honela, irakurleak bere kabuz sozialismo zientifikoaren sortzaileen ideien multzoaren eta hauen garapenaren nozio bat osa dezan, hala nola, gaur egun nagusi den “kautskysmoak” egindako ideia hauen desitxuratze guztia dokumentalki frogatua eta argitasun osoz agerian egon dadin.
Has gaitezen F. Engelsen lanik ezagunenarekin: “Familiaren, jabetza pribatuaren eta Estatuaren jatorria”. (...)
“Estatua -dio Engelsek bere analisi historikoa laburtuz- ez da inondik inora sozietateari kanpotik inposaturiko botere bat; ez da “ideia moralen errealitatea” ere, Hegelek baieztatzen duen moduan. Hobeki esanda, sozietatearen produktua da, hau garapen maila jakin batera iristen denean; sozietate hau bere buruarekin konponezinezko kontraesanean korapilatu delako eta uxatzeko gai ez den antagonismo eramangaitzetan zatiturik dagoelako aitorpena da. Bainan antagonismo hauek, elkar jan ez dezaten eta sozietatea borroka antzu batean ahi ez dezaten, beharrezko gertatzen da itxuraz sozietatearen gainetik kokaturik dagoen botere bat, talka leun dezan eta hau “ordenaren” mugetan manten dezan. Sozietatetik jaiotako botere hori, baina beraren gainetik jarri eta berarengandik geroz eta gehiago banatzen den hori da Estatua.”
Hemen, argitasun osoz adierazirik agertzen da, Estatuaren paper historikoari eta esanahiari dagokionez marxismoak duen funtsezko ideia. Estatua klaseen arteko kontraesanen izaera eramangaitzaren produktua eta seinalea da. Estatua, klaseen arteko kontraesanak objektiboki adiskidetu ezin diren lekuan, momentuan eta graduan sortzen da. Eta alderantziz: Estatuaren existentziak klaseen arteko kontraesanak eramangaitzak direla frogatzen du.
Puntu garrantzitsu eta kardinal honetan hasten da, hain zuzen ere, oinarrizko bi norabide jarraitzen dituen marxismoaren desitxuratzea.
Alde batetik, ideologo burgesek eta burges txikiek, gertaera historiko eztabaidaezinengatik Estatua klaseen arteko kontraesanak eta klaseen arteko borroka dagoen tokian bakarrik existitzen dela onartzera behartuta egonik, Marx “zuzentzen” dute Marx, halako moduan, ezen Estatua, klaseen adiskidetzerako organo bezala agerrarazten duten.
Marxen arabera, Estatua ezin izanen luke sortu ezta mantendu ere klaseen adiskidetzea posible balitz. Irakasle eta publizista zikoitzen eta filistearraren arabera -pausu bakoitzeko, borondate onez, Marx inbokatzen dutela!- klaseak adiskidetzen dituena hain zuzen ere Estatua da.
Marxen arabera, Estatua klase-dominazio organoa da, klase batek bestea zapaltzeko organoa; klaseen arteko talkak leunduz, zapalkuntza hau legeztatu eta finkatzen duen “ordenaren” sorkuntza da. Politiko burges txikien ustez, ordena, hain zuzen ere, klaseen arteko adiskidetzea da eta ez klase batek bestea zapaltzea. Talkak leuntzeak beraientzat adiskidetzea esan nahi du, eta ez klase zapalduei beren zapaltzaileak azpiratzeko borroka bide eta prozedura jakin batzuk kentzea.
Adibidez, 1917ko iraultzan zehar, Estatuaren esanahiaren eta paperaren arazoa bere tamaina osoan planteatu zelarik, arlo praktikoan, berehalako ekintzarako arazo bezala, eta, gainera, masen ekintza bezala, sozial-iraultzaile guztiak (eseristak) eta mentxebike guztiak (orduko erreformista, sozialdemokrata eta likidazionistak ... - ohar hau gurea da: EIS -) bat batean eta erabat, “Estatuarengatiko” klaseen “adiskidetzearen” teoria burges txikian jausi ziren.
Bi alderdi hauetako politikari hauen kontaezinezko ebazpen eta artikulu pila daude “adiskidetzearen” teoria zikoitz eta filistearraz saturaturik. Estatua klase jakin baten dominazio organoa dela eta honek ezin duela bere antipodarekin (klase kontrajarriarekin) adiskidetu, demokrazia burges txikiak inoiz ulertu ezin izanen duen zerbait da. Estatuarenganako duten jarrera da, gure sozial-iraultzaileak eta mentxebikeak inondik inora sozialistak ez direla erakusten duen sintoma nabarmenetako bat (guk boltxebikeok beti mantendu dugun moduan), fraseologia ia sozialista duten demokrata burges txikiak direla adierazten duelarik.
Beste aldetik, marxismoaren desitxuratze “kautskyarra” dezente zoliagoa da. “Teorikoki” ez da ukatzen Estatua klase dominaziorako organoa dela, ezta klaseen arteko kontraesanak eramangaitzak direla ere. Bainan aitzakotzat hartzen ez dena edo ezkutatzen dena hauxe da: Estatua klaseen arteko kontraesanen izaera eramangaitzaren produktua bada, sozietatearen gainetik dagoen eta sozietatetik “gero eta gehiago dibortziatzen den” indar bat bada, argi geratzen da klase zapalduaren askatzea ezinezkoa dela, ez bakarrik iraultza biolento bat gabe, baizik eta Estatu boterearen aparatuaren suntsiketarik gabe ere, hau klase dominatzaileak sortua izan den eta “dibortzio” honen gorpuztea den aldetik.
Geroago ikusiko dugun moduan, Marx, iraultzaren eginkizunen analisi historiko konkretuaren bidez, zorroztasunik osoenarekin iritsi zen berez teorikoki argia den ondorio honetara. Eta ondorio hau da hain zuzen ere, -ondoko orrialdeetan xehetasun osoz azalduko dugun bezala- Kautskyk ... “ahantzi” eta faltsutu duena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario