Páginas

lunes, 4 de marzo de 2013

Martxoak 3: atzo eta gaur bide bakarra

      Atzo, Euskal Herri Langileak ongi oroitu behar duen martxoaren 3.ean, bloga berritu ez genuenez, gaurko honetan Donostiako EHUn eskura zegoen gai honi buruzko orritxo bat argitaratzea aproposa iruditu zaigu. Argazki makinarik ez izatean, hemen transkribatuko dugu euskarazko aldea (eta hurrengo sarreran, espainolezkoa):


MARTXOAK 3: ATZO ETA GAUR BIDE BAKARRA

EUSKAL LANGILERIAREN ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA IRAULTZAILEA


            Martxoaren 3a gorriz seinalatutako data da Euskal Herri Langilearen egutegian. 1976an, Gasteizko langileriaren greba eta borroka zapuzteko asmoz, burgesiak bere mertzenario armatuak bidali zituen klase gatazka argi bat zena odoletan itotzera. Eta horrela suertatu zen. Asanblada burutzen ari ziren langileen aurka basakeriz oldartu eta gero, bost langile erail zituzten Gasteizen bertan. Langileriaren aurkako erasoaren kontrako protesta ekimenetan berriz, beste hiru langile zendu ziren burgesiaren mertzenarioen eraginez, Basaurin, Herrialde Katalanetako Tarragonan eta Italiako Erroman.

            Hamarkada batzuk igaro diren arren euskal langileon egoerak ez du batere hobera egin. Franco hil ezkeroko erreformarekin, dena “ondo lotuta” zeukatela argi utzi zigun espainiar oligarkiak bere estatuaren aparatoen laguntzarekin langileon esplotazioa eta nazio zapalduon egoera bere horretan mantentzeko helburuarekin inposatutako konstituzioaren bidez. Eta zeozer aldatu zuten, bai, baina denak berdin irauteko helburuarekin.

            Ordudanik, burgesiak eta euren estatuaren mesedetan langileriaren borroka desitxuratzen eta itzaltzen saiatu diren sozialdemokratek aldarrikatutako “ongizate estatu demokratikoaren” gezurraren gainbeherak argi uzten digu euskal langileoi zer den horretaz guztiaz geratu zaiguna: langabezia, kaleratze librea, lan esplotazioa, esku lanaren merketzea, bereziki gazteriaren eta emakumeen lan baldintzen esklabutzea... laburbilduz, erreximen faxista baten tankerako terrorismo pratronala, legedia inkisitorialak, errepresio basatia eta herri zein langile klaseak zapalduta mantentzeko hauteskunde ustel eta “hitzarmen sozial”aren iruzur etengabea.

            Mundu mailan kapitalismoak inoiz pairatutako krisialdi sakon eta beltzenaren testuinguruan langileon oroimenera ekartzen dugun 2013 honetako Martxoaren 3a, Euskal Langileriari klase antolakuntza independenterako eta borroka iraultzailerako deia egiteko aprobetxatu nahi dugu. Gasteizen erori eta zauritutako euskal langileek, Mundu osoko langile mugimenduak izerdiz eta odolez idatzitako historiaren kapitulu bat idatzi zuten Euskal Herrian eta harrotasun osoz diogu eurek hartutako bidea, klase ANTOLAKUNTZA eta BORROKA iraultzailearena, euskal langileoi gure askapen sozial eta nazionalerako geratzen zaigun bide baliagarri bakarra dela. Kapitalisten jokoaren arauak onartu eta euren aurrean makurtzen diren burgesia eta sozialdemokraten alderdi eta sindikatuek langileen aurrean duten sinesgarritasun apurrarekin behingoz amaitu, terrorismo patronalari erantzun kolektiboa emateko langile asanbladak osatu eta pairatzen dugun ofentsiba kapitalistaren aurrean borroka molde erradikalak erabiltzea da, beste gauza batzuen artean, uneak langile klaseari ezartzen dizkion betebehar historikoak.

Burgesiaren zapalkuntza faxistaren aurka eta

sozialdemokraten saldukeri erreformistaren aurrean

EUSKAL HERRI LANGILEAREN

FORMAKUNTZA, ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA IRAULTZAILEAREN ALDE

No hay comentarios:

Publicar un comentario