Páginas

jueves, 10 de noviembre de 2011

KATYN: historia arma politiko gisa - Ion Kortazar (lehenengo zatia)

      Azkenaldion, Smolensk hiritik gertu poloniar goi-mailako agintariek pairatutako hegazkin-istripua dela eta, Katyngo sarraskia, gaurkotasunez blai egin zaigu. Izan ere hildakoak, Katyngo basorantz zihoazen, han 40. hamarkada hasieran ustez sobietar militarrek hil zituzten poloniar goi-kargu militarren omenezko ekitaldi batetan parte hartzera. Egiletza (ustezkoa) behin eta berriz errepikatzea ez da azaleko gauza, komunikabide guztiak “sobietarrek” “Stalinen aginduak jarraituz” hil zituztela errepikatu eta errepikatu ibili bait dira. Poloniar buruzagi antikomunista ospetsu batek bota izan du berea, Katyngo hilketak eta lehengo astean gertatutako parekagarritzat hartu bait ditu. Beste behin ere, Mendebaldeak bere historiagile-apologisten bidez urteetan gugan Sobietar Batasunaren eta II Mundu Gudaren inguruan txertatutako (inposatutako) egia ofiziala errepikatzeko aukera ez dute galdu: Katyngo basoko erailketak sobietar NKVDk Stalinen (eta ez beste inoren) aginduz burutu zituen, Katyngo sarraskia II Mundu Gudako krimenik okerrena izan zen (inork ezagutzen al du Ekialdean gertatutako beste sarraskirik?) eta sarraski honek SESBen izaera guztiz totalitarioa, gezurtia eta zikoitza agerian uzten du. Izan ere, Katyn arma ideologiko antikomunista bezala erabilia izan da, puntu honetan Katyngo gertakariak 1939.eko Elkarri Ez Erasotzeko Sobietar-Alemaniar itunarekin bilbatuz; bi jazokizun hauek, SESBen benetako asmoa ez zela “herrialde demokratikoek” egin bezala faxismoaren aurka guda egitea, baizik eta herrialde baketsu eta totalitarismoen biktima gisa agertzen zaigun Polonia erasotzea eta “Hitlerrekin Europa erdibana egitea” omen zirela frogatzeko erabiltzen direlarik. Honen harira, SESBen irudia “herri oldarkor” edota “gudaren hasle” bezala itxuraldatuz, honen guda-ahalegin eskerga gutxietsi edota ukatu egiten du Mendebaldeak. Argudio-segida honen ondorioa argi asko azaltzen zaigu: Stalin gutxienez Hitler bezain gaiztoa edo are gaiztoagoa zen, eta komunismoa faxismoa bezalakoa da biak omen bait dira “totalitarioak”. Finean, SESBk gudan “gure ondoan” borrokatu bazuen, bere interes berekoi eta zuhurrek eramandako kasualitate hutsa izanen zen, “herrialde demokratikoek”, aitzitik, hasieratik faxismoaren aurkako jarrera erakutsi omen zutelarik. Polonia (1939.eko gertakariak, ituna eta guda hasiera, eta Katyn) dugu horren froga eta adierazgarri.
      Lantxo honetan, hainbestetan akritikoki errepikatutako dogma antisobietar eta antikomunista horiek gezurtatzen saiatuko naiz. Katyngo sarraskiaren “zalantzarik gabeko” (ustezko) egiletza sobietarretik hasiko naiz, bertatik abiatzen bait dira sarritan gudan “sobietarrek erakutsitako gaiztakeriari” buruzko argudioak. “Katyn” kontzeptua, Sobietar Batasunaren lurraldean hildako poloniar preso guztiak izendatzeko erabiltzen da, preso guzti horiek poloniar armadaren “ofizialeria osoa” zirela esaten da, eta hildako guzti horien egiletza SESBen Gobernuari leporatzen zaio. “Ofizialeria osoa” aipatzeak intentzionalitate politikoa erakusten du, horren atzean “genozidio planifikatuaren” kutsua eman nahi zaiolarik (horrela SESBen ustezko jardutea nazienarekin parekatzeko).
      Katyngo hobien aurkikuntza, bertan milaka poloniar soldadu hilda agertzen zirelarik, 1943.ean eman zuen argitara Hitlerren armadak, eta naziek segituan aldarrikatu zuten hildakoak 1940.ean sobietarrek hilak zirela. Hor sortzen da gaur egun nagusi den bertsioa, garai hartan Ardatzaz gain erbesteko Poloniar Gobernuak soilik sostengatzen zuena. Beste bertsioak, ordea, hildakoak naziek hil zituztela aldarrikatzen du, 1941.eko udako Barbarossa erasoaldiaren ondoren Smolenskeko eskualdea alemaniarren esku gelditu ondoren. Bertsio hau izan zen Aliatuek, denek, hasiera batean sostengatutakoa. Azken urteetan ordea, batez ere 1990.ean Mikhail Gorbatxovek, SESBen erorketa ahalbideratu zuen gizonak sobietar erruduntasuna “onartu” zuenetik, egiletza sobietarrarena izan da tesi ofiziala eta bakarra. Hala ere tesi honek eta bere garapenak zalantza potoloak sorrarazten dute. Alde batetik, esan beharra dago, guztiz posible dela SESBk poloniar ofizial batzuk, batez ere goi-karguak hil izana, baina horrek ez du esan nahi milaka preso poloniar hil zituela. Dokumentuetan badago poloniar preso batzuk exekutatzeko agindua, baina gauza bat da goi-kargu batzuk exekutatzea eta beste bat milaka, SESBn zeuden poloniar guztiak exekutatzea. Bestalde, zaila da “poloniar ofizialeria osoa” SESBn preso zegoela sinestea. Izan ere, 1939.ean Poloniak Alemania naziaren aurka guda egin eta galdu egin zuen, beraz poloniar armada-gizon gehienak (ofizialak ala ez), Alemaniaren esku geratu ziren, ez SESBen esku, honek preso batzuk egin bazituen ere. Beste alde batetik, Sobietar Batasunak, 1941.ean, preso zeuden poloniar militarrei amnistia eman zien eta Anders jeneralak zuzendutako armada poloniar bat sortu eta finantzatu zuten. Anders jeneralak, guztiz antikomunista izaki, Armada Gorriarekin borrokatzeari muzin egin zion, beraz sobietar Gobernuaren baimenarekin Irandik eta Ekialde Hurbiletik zehar, Mendebaldera joan zen, bertan aliatuen ondoan nazien aurka borrokatzera. Andersen Armada 75.000 bat pertsonez osatua egon zen. Beraz, poloniar armadaren zatirik handienak 1939.ean Alemaniaren (eta ez SESBn) aurka borrokatu bazuen, eta sobietarrek 1941.ean preso poloniar kopuru handi batez armada bat eratu bazuten, orduan zaila da “ofizialeria poloniar osoa” sobietarrek Katynen hil izana sinestea.
      Esan bezala, lehen aldiz 1943.ean plazaratu zuten alemaniarrek bertsio hau, Apirilean, Stalingradeko porrota gertatu eta egun batzuetara. Londresen ostatu hartuta zegoen erbesteko Poloniar Gobernuak, Wladyslaw Sikorski buru zuela, bertsio hori sinetsi eta Sobietar Gobernuarekin harreman oro hautsi zuen. Halere, gertaeren momentuan ez zen egon bertsio hori sinetsi zuen Gobernu aliaturik, Sikorskiren Gobernuari aterpe ematen zion Britainia Handikoa barne. Sobietar bertsioaren arabera, hildakoak izan ziren ofizial poloniarrak, SESBk preso hartu eta errepideak eraikitzeko kontratatuak izan ziren, baina 1941.eko alemaniar erasoarekin batera, eskualdea alemaniarren esku geratzerakoan, ebakuatzeko zailtasunak zirela eta, preso poloniarrak alemaniarren eskuetan geratu ziren; azkenik hauek fusilatu zituztelarik. Egia esan, sobietar egiletza ontzat ematearekin uztartuta doan heriotza data 1940.ean ezartzen duen baieztapena, zalantzagarria da oso, gorpu askoren arropetan, 1940.az geroztiko data zuten zenbait faktura, posta-txartel, ohar eta abar aurkitu izan bait dira. Ikerketak erakutsi izan dutenaren arabera, Katynen aurkitutako balak alemaniar fabrikaziokoak dira. Bestalde, bertako herrixketako biztanle askok, 1940-1941 artean, ustezko “masa-erailketen” ostean eta alemaniarrak etorri baino lehen, poloniar presoak lanean ikusi izanaren testigantza eman zuten; beraz zaila da sobietarrak poloniar ofizial horiek, denak bederen, erail zituztela sinestea. Eta ez hori bakarrik, alemaniar soldadu batzuek ere sobietar egiletzaren tesia gezurtatzen zuen testigantza eman izan dute, tartean Walter Schellenberg SSko kontra-inteligentzia buruak, aliatuen esku erori ostean egindako aitormena dago. Hala ere bertsio hori kolokan jartzen duena; Goebbels buruzagi naziaren egunkari pribatua da. 1943.ean zera jarri zuen: “Erbesteko Poloniar Gobernuaren eta Sobietar Gobernuaren arteko harreman-haustea, alemaniar politikaren eta batez ere pertsonalki nire garaipen bat da”. Zenbait egun joanda, Maiatzaren 8an, zera idatzi zuen: “Zoritxarrez Katynen alemaniar munizioa aurkitu izan dute. Hauxe aireratu ez dadin komeni zaigu, bestela Katynen kontu osoa pikutara joan daiteke eta”. Ez Winston Chirchillek ez Franklin Rooseveltek ez zioten Katyni buruzko alemaniar bertsioari batere sinesgarritasunik onartu. Sobietar bertsioa, ordea, 1945.eko Abuztuak 8an ofizialki onartua izan zen, aliatuek alemaniarren egiletza baieztatzen zuen sobietar txostenari oniritzia eman ziotenean, eta horri jarraiki, buruzagi nazien aurkako Nurembergeko Epaiketan, naziak Katyngo sarraskiagatik ere epaituak izan ziren. Ikusten den bezala gaur egun “bertsio onartua eta nagusia” dena, jazokizunen testuinguru kronologikoan ez zen “nagusi” izan. Mendebaldearen aldetik, Guda Hotzaren garaian hasi zen hipotesi hori “nagusi” bihurtzen, eta errusiarrek SESB azken hatsetan zegoela, eta SESBen ostean soilik onartu zutela, hau da fede kapitalistara bihurtutakoan. Beraz, “bertsio onartuen” eboluzio honek, Katyngo sarraskiaren egiletzari buruzko zalantza nabariak uzten ditu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario